Donostia Turismoak Donostiako saltoki txikiak babesteko egiten duen ahalegina indartu du

DSS Turismoak hainbat ekintza jarri ditu martxan tokiko saltoki txikien presentzia indartu eta balioa azpimarratzeko, hiriari bizitasuna, nortasuna eta enplegu- eta ekintzailetza-aukerak ematen dizkion sektore ekonomiko eta soziala den aldetik. Erakundeak shopping gida bat, merkataritzako ibilbide berriak, landing espezifiko bat, onlineko kanpainak, ikus-entzunezkoak eta sare sozialetako edukiak sortu ditu. Guztia, Donostiaren oparotasuna bultzatu eta herritarren ongizatea hobetzeko xedea duen turismo-eredu jasangarri baten aldeko apustuaren esparruan.
Donostiako turismo arloak gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren eremuetan jasangarria den turismo-eredu batekiko konpromisoa indartu du, herritarrak erdigunean jarri eta helmugaren benetakotasuna indartzeko. Donostian, turismoa BPGaren % 13,9ra iristen da, eta 15.000 lanpostu sortzen ditu. Egia da turismo-jarduera ostalaritzarekin eta ostatuekin lotzen dela, baina tokiko ekoizpen-sistema osoari eragiten dio, eta globalizazioko testuinguru oso lehiakor honetan, erabakigarria da saltoki txikiek bizirik irauteko.
 
Hori aintzat hartuta, erakundeak zenbait ekimen sortu ditu Donostiako merkataritza-sarea bultzatu, sustatu eta ikusarazteko, hiriari balioa, nortasuna eta bizitza ematen dizkion elementua den aldetik:
 
 
 1. “Shopping SS” gida
Donostia Turismoak tokiko 74 saltoki elkartuak biltzen dituen gida baten 10.500 ale prestatu eta banatu ditu, lau hizkuntzatan. Argitalpenean, establezimenduak sektoreka sailkatuta agertzen dira, eta gaika antolatutako zenbait ibilbide proposatzen dira, hiria bertako merkataritza-eskaintzan oinarrituta esploratzeko. Gida saltokietan, ostatuetan eta turismo-bulegoetan banatzen da.
 
2. Zortzi merkataritza-ibilbide paperean eta formatu digitalean
DSS Turismoak zortzi ibilbide sortu ditu, Google Maps aplikazioan ere atzitzeko modukoak, askotariko proposamenak biltzeko: Made in SS, surfeko eta kiroleko arropa, marka anitzeko luxuzko arropa, estiloa duten dendak, artea, galeriak eta jaki gozo eta gazien ibilbideak. Ibilbideok aukera ematen dute negozio bereziak aurkitzeko, eta tokiko saltokien aniztasuna jartzen dute agerian.
3. Merkataritzari buruzko landing orria, Donostia Turismoaren webgunean
Orain, turismoko webguneak eskaintza honi buruzko gune espezifiko bat du, zeinetan askotariko informazio praktikoa aurkituko baitugu, baita tipologiaren araberako bilatzaile bat, zortzi merkataritza-ibilbideak, oparitarako ideiak, ehun urtetik gora dituzten saltokiak eta arte-galeriekin lotutako ibilbideak ere. Plangintza errazteko eta tokiko merkataritza pertsona guztien eskura jartzeko diseinatutako baliabidea da.
 
4. Hirian dauden bisitarientzako onlineko kanpaina
Urrian eta azaroan, DSS Turismoak kanpaina digital bat egin zuen Googlen eta sare sozialetan, dagoeneko hirian zeuden bisitarientzat. Horretara bideratutako inbertsio batekin, ekimenak emaitza bikainak izan zituen: shopping orria azaroan gehien bisitatu ziren lau guneetako bat izan zen, eta gorakada nabarmena egon zen ibilbideen kontsultan eta deskargetan.
 
5. Ikus-entzunezkoak hedabideetan
Donostiako saltokien ikusgarritasuna urteko momentu garrantzitsuetan indartzeko, erakundearen spota emititu zen Zinemaldian, eta Gabonetan ere emango da ETB2n.
 
6. Sare sozialetako edukiak
Komunikazio digitaleko estrategiarekin jarraitzeko, reel batzuk sortu dira zenbait eragin-sortzailerekin lankidetzan. Horietan, tokiko kultura eta merkataritza uztartzen dituzten planak proposatzen dira. Gainera, inkestak, bozketak eta partaidetzako beste formatu batzuk dituzten hainbat story interaktibo bultzatu dira, negozio txiki bakoitzeko istorioak eta giza balioa erakusteko. Edukia Gabonetako kanpainan zabaltzea eta 2026an ere hedapenarekin jarraitzea aurreikusten da.

Etorkizunari begira

2026an ere, DSS Turismoak lanean jarraituko du turismo-eredu jasangarri bat finkatzeko, onura partekatuak sortuko dituena eta saltoki txikiak Donostiaren bereizgarri gisa mantenduko dituena.
Professional - San Sebastián turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.