Donostia Turismoaren bulego berria ireki da Udaletxean

• Gaurtik aurrera, Donostia Turismoaren bulegoa Donostiako Udaletxean egongo da, Udalinfo ondoan, eta Boulevardetik izango du sarrera.

• Kokaleku berriak Gurera-ren ikuspegiari erantzuten dio. Donostia Turismoaren kudeaketa turistikoko eredu berria da Gurera, eta herritarren ongizatea jartzen du erdigunean. Turismo bulegoa, donostiarrak ere informatzeko eta hiria zein lurraldea

hobeto ezagutzeko gune gisa pentsatuta dago.
Donostia Turismoaren bulego berriak Donostiako Udaletxean irekiko ditu ateak, Boulevardera ematen duen aldameneko sarreran, bisitariei eta baita herritarrei ere arreta emateko.
 
Sartzeko, eskailera berriak edo igogailua erabili ahalko dira. Horien aurrean dago Udalinfo, herritarrei arreta ematen dien bulegoa, eta, alde bietara, Turismo Bulego berrirako sarrerak. Espazio horren diseinuaren helburua bisitari zein donostiarrei hiriari eta inguruari buruzko informazioa ematea da, eta baita urtean zehar eskaintzen diren jarduerei, proposamenei eta esperientziei buruzkoa ere.
 
Bulegoa gaur irekiko da, behe denboraldiko ordutegian, eta martxoaren 30etik aurrera, denboraldi arteko ordutegira igaroko da. Oro har, urteko sasoien arabera egokituko du ordutegia zerbitzuak: behe denboraldian, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara egongo da zabalik eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara; denboraldi artean arreta zabalagoa eskainiko du astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 19:00etara, eta 10:00etatik 14:00etarako ordutegia mantenduko du igande eta jaiegunetan; eta goi denboraldian, ekainaren 1etik irailaren 27ra, egunero egongo da zabalik 9:00etatik 20:00etara.
 
Gureraren esparru barruan, Donostia Turismoak eredu berri bat sustatuko du, helmugaren sustapena lehenetsi beharrean herritarren ongizatea eta bizi kalitatea erdigunean kokatzen dituena, jarduera turistikoaren eta hiriko bizitzaren arteko harreman orekatua bilatuz. Hortaz, Turismo Bulegoa eta Udalinfo hain hurbil egoteak hiriaren eta hiriko zerbitzuen ikuspegi integratuago bat ere islatzen du.
 
Informazio zerbitzuaz gain, Turismo Bulegoak lotutako enpresek merkaturatzen dituzten hainbat esperientzia eta produktu eskainiko ditu, horietako % 97 tokiko ETEak direlarik. Eskaintza hori aukera ona izango da, ez bakarrik hiria bisitatzen dutenentzat, baizik eta bertako herritarrentzat ere, Donostia eta inguruak hobeto ezagutzeko, proposamen berrien informazioa izateko eta familiarteko planez gozatzeko, asteburuetan edo oparitzeko ideia moduan ere.
 
Proposamen horien artean daude, besteak beste, hiria berriz ezagutzeko aukerak, hala nola 24 orduz funtzionatzen duen hop-on hop-off autobus turistikoa edo tren turistikoa, Donostiatik mugitu bitartean bitxikeriak eta anekdotak eskaintzen dituztenak; esperientzia kulturalak, hala nola Chillida Leku, Albaola edo Cristóbal Balenciaga Museoa; euskal nortasun eta tradizioari lotutako proposamenak, hala nola Sagardoetxea, sagardoaren museoa; plan aktiboak, esaterako, Canopy Donosti Aventura, Igeldon, hiriko ikuspegiak dituzten tirolina eta arborismo esparrua; edo lurraldea hobeto ezagutzeko txangoak, hala nola Oñati eta Arantzazuko Santutegiko bisitak edo ipar Euskal Herriko kostaldeko bisitak gida baten eskutik.
Turismo Bulego berria
Gune berriak bi arretarako areto izango ditu, bata sarrera nagusiaren ezkerretara eta bestea eskuinetara, bakoitza hiru posturekin. Denboraldiaren eta eskariaren arabera, areto bat edo biak irekiko dira. Bestalde, Udalinfok 20 arreta postu baino gehiago ditu hor bertan.

Donostiako Turismo Bulegoaren historia

Horrez gain, bulego berriak balio historikoa duen kokaleku batera itzultzea dakar. Donostiak bi mende luze daramatza hiri turistikoa izaten, eta hiriko Turismo Bulegoaren historiak hiriaren eta bisitarien arteko harreman zahar hori ulertzen laguntzen du.
 
Lehen informazio turistikoko zerbitzua 1908an sortu zen, eta jada 1929 eta 1932 urte artean, orduko Donostiako Kasionaren eraikinean egon zen, hau da, gaur egungo Udaletxean. Orduan, Donostiako Erakarpen eta Turismo Zentro (CAT, gaztelaniaz) izenarekin ezagutzen zen.
 
Urteetan zehar, bulegoa hiriko hainbat tokitan egon da, bilakaeraren etapa bakoitzera moldatuz.
 
Azkenik, 2026an, esanahi berezia duen beste kapitulu bati ekingo dio: bulegoaren jatorrizko kokalekuetako batera itzuliko da, bere sustraiekin eta historiarekin berriro bat eginez.
Professional - San Sebastián turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.