Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko Zinegotzigoak Miramar jauregia baliabide turistiko gisa sustatuko du

Ostirala, 20 Uztaila 2018

Helburua hiritarrentzat zein turistentzat toki bisitagarri bihurtzea da; eta, era berean, baliabide horrek duen erakargarritasun historiko handia eta kokapen pribilegiatua direla eta balioa ematea da. Gainera, Miramar jauregira egindako bisita gidatuek deskontzentrazio-estrategia sendotuko dute, eskaintza gune turistiko nagusitik kanpo zabalduta. Hori da, hain zuzen ere, Donostia VISIT-BIZI 2017-2021 Turismoko Gida Planeko ardatzetako bat.

Alkateordeak eta turismoko zinegotziak, Ernesto Gascok, azpimarratu du: “Helburua da Miramar jauregia jendearentzat zabaldu eta bisitagarri izatea, herritarrek berriro ezagut dezaten”.
Miramar jauregiaren 125. urteurrena (1893-2018) dela eta, lorategietan erakusketa egingo dute eta informazio-panelak jarriko dituzte horretarako.

Uztailaren 22tik irailaren 16ra bitartean, hiritarrek eta bisitariek 30 minutuko bisita gidatuak egin ahal izango dituzte jauregi barruan euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko Zinegotzigoak, Donostia Turismoa & Convention Bureauren bidez, Miramar Jauregia turismo-baliabide baliozko gisa posizionatu nahi du, herritarrei eta bisitariei irekiz. Horretarako, jauregiaren 125. urteurrenarekin bat eginez, jauregi barrura bisita gidatuak antolatu dira uda-garaian eta kanpoan informazio-panelak jarriko dituzte. Haien testuak Lola Horcajo eta José Fernández Beobide historialari donostiarrek prestatu dituzte.

Jauregi barrura egindako bisita gidatuan, lehen aldiz, jauregiko solairu nobleko 7 guneak bisitatu ahal izango dira: gelaurrea, bulegoa, hall-a, musika-aretoa, bilarra, kapera-liburutegia eta jangela. Gidariek eskainiko dituzten bitxikerien eta kontakizunaren bidez, garai hartako jauregiaren historia eta bizitza berregingo dute. Gune bakoitzean (oraindik ez daude jarrita jatorrizko altzariak), garai bateko dekorazioa erakusten duten argazkiak eta testua jasotzen dituzten panelak egongo dira ikusgai.

palacio-miramar-citytour7

Jauregi kanpoan, aldiz, 5 panel bikoitz instalatuko dituzte:
Hiriari izena eman zion eliza // Aurreko lanak, tunela eta eliza tokiz aldatzea.
Maria Kristina erregina, ohiko udatiarra // errege-jauregi izatetik udal-jauregi izatera.
Errege-landetxea eraikitzea // Ingalaterrako Cottage estiloa eta Selden Wornum arkitektoa.
Jauregiaren barrualdea // Miramar jauregia eta lorategiak
Miramarreko gelak // Hasierako Miramarreko lursaila bereiztea.

Bisita gidatuak uztailaren 22tik irailaren 16ra bitartean egingo dira euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Iraupena 30 minutukoa izango da eta taldeak, gehienez, 20 heldu + 5 haurrekoak izango dira. 3 €-ko balioa izango dute. Txartelak Donostia Turismoa & CBren hiru informazioguneetan (Boulevard, autobus-geltokia eta Cervantes plaza) edo www.sansebastianturismoa.eus webgunean eskuratu ahal izango dira (Shop / Jarduera Onenak).

Donostia Turismoa & Convention Bureau-ren helburua etorkizunera begira bisita gidatuekin aurrera jarraitzea da. Urte-sasoi berezietan egutegi trinkoagoa eskainiko litzateke eta jauregia bisita libreetarako irekitzeko aukera ere eskaini nahi dute. Gainera, jauregiko jatorrizko altzariak berreskuratzen saiatzeko lanean ari dira.

Ekintza hori helburu nagusien artean turismoa deskontzentratzea duen Donostia VISIT-BIZI 2017-2021 Turismoko Gida Planeko estrategiaren baitan kokatu behar da. Miramar jauregia baliabide turistiko gisa bultzatuta, eskaintza turismogune nagusitik kanpo zabaldu eta turismo-fluxuaren mugimendua Antigua/Ondarreta eremura bideratuko dugu. Horrek, halaber, intereseko gertuko beste toki batzuk ezagutzeko aukera emango dio bisitariari (Haizearen Orrazia, Ondarreta hondartza, Antigua auzoko saltokiak eta ostalaritza eta abar).

Miramar jauregiaren historia
palacio-miramar-citytour6
Gutxienez XI. mendetik, Urgull mendiaren oinetan Donostia jaio aurretik, bazegoen jauregia kokatuta dagoen tontorrean eliza primitibo bat Nafarroako agintaritza eklesiastikoaren mende Sebastian izeneko santu erromatarrari eskainita. Eliza hark eman zion gaztelaniazko izena hiriari.

1887an, Ondarreta eta Kontxa hondartzak bereizten dituen tontor hori aukeratu zuen Maria Kristina erreginaordeak Donostiako udako jauregia eraikitzeko. Bere ondarearekin erosi zuen eraikina. Lanak 1889ean hasi zituzten Londreseko Selden Wornum arkitekto ospetsuaren planoarekin. Lanak zuzentzeaz Jose Goicoa udal-arkitektoa arduratu zen eta eraikinak Ingalaterrako “cottage” estiloa zuen. Aieteko parkean sekulako lana egin zuen Pierre Ducasse lorezain paisajista aukeratu zuten Miramarreko lorategiak proiektatzeko.

Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoa Austria-Hungariako Inperioko familiako kidea zen. 1879an Alfontso XII.a Espainiako erregearekin ezkondu, eta hiru hilabeteko haurdun zegoela senarra hil zen. 1886ko maiatzean jaio zen Alfontso XIII.a eta hura adinez nagusi bihurtu arte (1902an), erregeordetza bere gain hartu zuen Maria Kristinak.

40 urtez, udak Donostian eman zituen Maria Kristinak. Itsasoko bainuez, landa eremuan egindako txangoez, Jai Alaiko pilota-partidez eta su artifizialez gozatzen zuen han. Bere gertutasunari esker, donostiarren maitasuna eskuratu zuen eta euskararekin ere trebatu zen. Hiriak izan zezakeen enbaxadore onena izan zen eta Madrilen Donostiarekin lotutako kausa guzti-guztiak babestu zituen. Horregatik, Udalak “ohorezko alkate” izendatu zuen 1926an, eta hiriko urrezko lehen domina eman zioten.

1950 eta 1954 artean, gaur egungo errege emerituarentzat, Borboiko Juan Karlosentzat, haren anaia Alfontsorentzat eta beste hamalau ikaskiderentzat barnetegi eta ikastetxe bihurtu zen Miramar. 1972an, Donostiako Udalak Borboiko don Juani Miramar lursaila erosi zion 102,5 milioi pezetaren truke. 1974an, Miramarrek “Izaera nazionaleko monumentu historiko-artistikoa” kategoria eskuratu zuen.
Gaur egun, Miramar jauregia, Donostia hiriko ondarea dena, EHUko udako ikastaroak antolatzeko eta era askotako kongresu eta ekitaldiak egiteko erabilitako egoitza da.


Donostia Turismo & Convention Bureau-ko albiste gehiago
 
 
Professional - San Sebastián turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.