DONOSTIAK TURISMO OREKATUAREN, IRAUNKORRAREN ETA KALITATEZKOAREN ALDE EGITEN DU

Astelehena, 17 Uztaila 2017

2017-2021 Turismo Gida Plan berriak Donostian garapen orekatuaren, iraunkorraren eta kalitatezkoaren alde egiten du datozen urteetara begira. Ezaugarri horiek marka berria Europa mailan hiriko turismogune gisa finkatzeko eta hiriaren balioak sendotzeko baliagarriak izango dira, eta aldi berean, hiritarren bizi kalitatea bermatu behar dute.

Donostiako Turismo Gida Plana gaur onartu da Donostia Turismo & Convention Bureau-ko Administrazio Kontseiluan (talde politiko guztietako eta sektore pribatuko ordezkariez osatzen da). Bertan, neurri eta jarduera jakin batzuk planteatzen dira, turismoa datozen urteetan modu arrazionalean eta iraunkorrean sustatzeko.

Adierazitako helburuez gain, Turismo Planak gobernantza-eredu berriaren eta Donostiako marka turistikoaren kudeaketa onaren alde egiten du. “Uste dugu beharrezkoa dela eredu parte-hartzaileago bat izatea, nahi dugun turismoari buruzko gogoeta eragile ekonomiko eta sozial desberdinetara zabaltzea, donostiarrak Donostiaren neurriko eredu turistikoaren bilaketan murgiltzea”, adierazi du Ernesto Gascok.

Turismo-zinegotziak nabarmendu du Planak hiriaren estrategia kalitatezko hiri-turismorantz bideratzen duela, eta ez eguzkia eta hondartza gune dituen turismo tradizionalari begira. Hiriaren idiosinkrasiarekin bat egingo duen turismoa. “Donostiaren esentzia indargabetu ez dadin lortu behar dugu. Kontrakoa, beharrezkoa da hiriaren identitatea sustatzea, bertako balioak, kultura. Donostia Euskadiko hiri turistiko nagusia da, irekia eta kosmopolita, nazioarteko erreferentea, turismogunean egiazkotasunean eta bikaintasunean oinarrituta”, adierazi du Ernesto Gasco zinegotziak.

Hori dela eta, Turismo Planak (elkarrizketa fasean ezarritako bideen bidez inplikatutako eragile ekonomikoek eta sozialek, talde politikoek eta gizarteak parte hartu dute bertan) hiriaren marka turistikoaren finkapena proposatzen du Europako hiri turismoaren erreferentzia gisa, betiere, helburu den publikoa lehenetsiz eta Donostia definitzen duten irudia eta paisaia zainduz.

“Sustatu behar ditugun indarguneak hauek dira: tradizioa eta kultura, hiriko paisaia, hiriaren giza eskala, bertako jendearen abegi ona, gastronomia. Elementu horien arteko armonia onak turismo ordenatu, kalitatezko eta beste lekuetan gertatzen diren fenomenoetatik urrundua (eta guk saihestu nahi duguna) eskaintzeko gakoak eskainiko dizkigu”, adierazi du Turismo-zinegotziak.

Horretarako, Gida Planak esan du sektorearen eta tokiko biztanleriaren ondoan lan egin behar dela, turismoaren kontrolik gabeko garapenaren efektu negatiboak efektu positiboen gainetik jar ez daitezen berez zerbitzu-bokazio handia duen eta turismoa diru-sarrera oso garrantzitsua den hirian.
Bartzelonaren ondoren, Donostia da Estatu osoan errentagarritasunik altuena duen turismogunea. Herrialdeko hiriko 4. turismogunea da eta 200.000 hiri baino gutxiagoko hirien artean balorazio onena duena.

“Gure hirian turismo-estrategia definitzeak ezin ditu alde batera utzi mundu mailan gertatzen ari diren fenomeno berriak”, adierazi du Turismo zinegotziak. “Turismoguneak Internetez bilatzea agentzia bidezko sistema tradizionalaren ordez, nazioarteko mugimenduak (Brexit edo gatazka armatuak eta atentatu islamistak), sareen garrantzia edo ostatu modu berrien hedapena… elementu horien guztien eraginez, munduko biztanleriak nabarmen aldatu du bidaiak eta oporraldia programatzeko modua”, adierazi du.

HELBURUAK
Jarduera turistikoa ondo kudeatzea eta antolatzea, bereziki apartementu turistikoak eta mugikortasuna. Horien gainean Kontrol eta Antolamendu Plana egitea proposatzen da.
Xede-publikoa ondo aukeratzea, hiri-ehunarekin, ehun ekonomiko eta sozialarekin bateratze orekatua eta iraunkorra egin ahal izateko. Tokiko herritarren bizi-kalitatea hobetzea lortu nahi da, hiriko eredu turistikoan sartuta.

Hiriaren marka turistikoa birdefinitzea, Europako turismo urbanoaren erreferentzia bihurtzeko. Definitzen dituen irudi eta paisaia mantentzea lortu nahi da eta markari beste ezaugarri batzuk gehitu, itsasoa edo gastronomía, besteak beste.

Gobernantza eta antolaketa turistikoaren eredu berria. Parte hartzeko, partekatzeko, planifikatzeko eta gatazkak konpontzeko tresnei bultzada ematea. Lankidetza publiko-pribatua indartzea, Donostia Turismo& Convention Bureauko bazkideen arteko harremanetan aurrera egitea eta finantza- bide berriak lortzea.

Donostiak turismogune gisa duen irudia indartzeko ezaugarri batzuk biltzen ditu Turismo Planak:
• Bizimodu kultua, sofistikatua eta osasungarria.
• Turismogune gastronomiko ezagunenetakoa mundu mailan.
• Ehun urte baino gehiagoko tradizioa duen turismoaren gunea izatea.
• Marka berezia
Elementu horiekin guztiekin eta markatutako helburuekin, Gida Planak garatu beharreko zenbait neurri eta jarduera planteatzen ditu. Hauek dira horietako batzuk:
Bisitariak hartzeko zentro berria
  Udaletxeko kaleko solairuan jartzea aurrez ikusita dago, arreta emateko eta eskaintzaren informazioa eskaintzeko bitarteko modernoenekin.
Alde Zaharrean Txertatzeko Plan Integrala 
Marka turistikoa definitzea
  Plana idatzi dutenek Haizearen Orrazia proposatu dute
Hiri Paisaia Berritzeko Plana
 Bide publikoan kontrolik gabeko erakusmahaiak edo ordenarik gabeko errotulu komertzialak ugaritzea saihestea
Tasa turistikoa sortzea
  Bisitaria hiriaren mantentze-lanetan eta egoera onean inplikatzea da helburua
Premium produktuak
  Erosotasun eta kalitate gorena, esklusibotasuna, bilatu nahi duen bezeroarentzat
City Break 
  2-3 eguneko egonaldiak sustatzea kultura, gastronomia, saltokiak konbinatuz
MICE
  Turismo profesionala edo kongresuetakoa helburu nabarmenetako bat da
Kiroletako turismoa
 Azkenaldian gorakada handia izan du. Horrekin lotuta, Sports Bureau sortzea proposatzen da.
Datu bat: Behobiak 15 milioi euro inguru sortzen ditu asteburu batean.
Chillida Leku berriz irekitzea lortzea
 Turismo kulturala da beste potentzialtasunetako bat, Zinemaldia, Jazzaldia edo Musika Hamabostaldia dagoen hirian.
Tabakalera sorkuntza garaikidearen ikono gisa sustatzea proposatzen da
Natura-turismoa
  Ingurunean txangozaletasun-ibilbideak sortzea
Sentsibilizazio Plana
Turismoaren alde positiboak balioan jartzea. T
Turismoa kudeatzen duen erakundea berritzea
  Erakundearen organigrama berria ere planteatzen da
Turismo gastronomikoa
 Culinary Art Cities Europako Sarea sortzea.
“Delice” hiri gastronomikoen mundu mailako sarean parte hartzea.
Basque Culinary Centerrekin laneko taldea sortzea
Tokiko aukera gastronomikoen sustapen-bideoak sortzea
Gida-Planak berriak, aurrekoak bezala, deskontzentrazio – espazioen saturazioa sahiestea, bisitari-fluxua hiriko beste zonaldeetara erakarriz- eta desestazionalizazioaren alde egiten du, hots, turismoa goi-denboralditik kanpo erakartzea. Bestalde, merkatu potentzialei dagokienez, Planak adierazten du esfortzuak, maila nazionalean, Madrilen, Katalunian, Andaluzian eta Valentzian oinarritu behar direla. Europa mailan, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian, Eskandinaviako herrialdeetan, Italian eta Beneluxen. Eta mundu mailan, berriz, AEBn, Kanadan, Mexikon, Brasilen, Argentinan, Japonian, Korean, Australian eta Zeelanda Berrian.


San Sebastian Turismo & Convention Bureau-ko albiste gehiago
Professional - San Sebastián turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.