Osteguna, 11 Urria 2018
Gaur eratu da Madrilen Turismo Helmuga Adimendunen Sarea, eta Donostia da bertan parte hartzen egon den Euskadiko udalerri bakarra. Donostiako alkateorde Ernesto Gasco izan da hiriaren ordezkaria Sarearen eraketa sinatzeko ekitaldian, eta Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Maroto izan da ekitaldiaren buruan.
Turismo Helmuga Adimendunen Sare honek Espainia osoko 40 udalerri biltzen ditu, eta funtsezko tresna da Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren mende dagoen Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Espainiako Sozietateak sustatutako DTI (Turismo Helmuga Adimendunak) programa bultzatzeko. Aurrerago beste udalerri batzuk eta euskal hirburu batzuk ere batuko dira sare honetara.
Sarea eratzeko ekitaldian Arona, Avilés, Benidorm, Calvià, Castelldefels, León, Cádiz, San Bartolomé de Tirajana, Santander, Sanxenxo, Palentzia, Pontevedra eta Donostiako ordezkariek parte hartu dute, Reyes Maroto ministroarekin eta Turismoko estatu-idazkari Isabel Oliverrekin batera.

Donostia aukeratu dute Basquetourrek eta Segitturrek turismo helmuga adimenduna bihurtzeko ekintza-plana eta txosten diagnostikoa egitea barne hartzen dituen proiektuaren proba pilotua egiteko. Proiektua aurtengo udan egin da, eta laster emango dute edukiaren berri.
Ernesto Gaskok adierazi duenez, “Donostiaren esperientzia Euskadiko beste udalerri batzuetara eraman ahal izango da gero. Teknologia berriei esker, esate baterako, bezeroak hatz-markaren bidez sartu ahal izango dira hoteleko gelan, edo nabarmen hobetuko da Euskadiko beste udalerri batzuetako ostatuei eta jatetxeei buruzko informazioa“.
Sare honen helburua da helmuga adimendunak bihurtzeko prozesuan helmuga horiei aholku ematea, finantzazioa lortzen laguntzea eta konponbide teknologikoak eta estrategikoak eskaintzea. Era berean, sarea osatzen duten helmugen arteko lankidetza eta ekintza bateratua ere sustatu nahi ditu, sinergiak lortzen eta jardunbide egokiak partekatzen lagunduz.
Sareak sektore publikoko erreferentziako erakundeek, turismoaren sektoreko eragile adierazgarriek, teknologiaren industriak, zerbitzu publikoen hornitzaileek eta gaiarekin zerikusia duten arloetan adituak direnek osatutako lantalde baten laguntza izango du.
Hirian turismo helmuga adimendunaren aldeko apustua egiteak esan nahi du nortasunarekin, tradizioarekin, kulturarekin eta jasangarritasunarekin, edo konektibitateari, ekipamenduei eta zerbitzuei lotuta dauden bestelako alderdiekin, zerikusia duten elementuak nabarmentzea. Turismoa erakartzeko hiriaren ezaugarriak eta indarguneak erabiltzeko apustu adimenduna da, beraz. Gaur egun Donostia, besteak beste, zerbitzuen eta mugikortasunaren, IKTn (informazioaren eta komunikazioaren teknologien), energia efizientziaren eta azpiegituren arloetan hiri-eredu jasangarria garatzeko ari da lanean.
Donostiako 2017-2021 Turismoko Gida Planak aldezten du datozen urteotara begira Donostian turismoaren garapena orekatua, iraunkorra eta kalitatezkoa izatea. Ezaugarri horiek marka berria turismo helmuga adimendun gisa finkatu behar dute, eta, era berean, hiriaren berezko balioak indartu behar dituzte, aldi berean bertako hiritarren bizi-kalitatea bermatuz.
San Sebastian Turismo & Convention Bureau-ko albiste gehiago
