Donostiak balantze positiboarekin amaitu du uda: egonaldi luzeagoak, nazioartekotze handiagoa eta errespetuz jokatzen duen turismoa

Visita guiada en Donostia

Ekaineko, uztaileko eta abuztuko datuek erakusten dutenez, bidaiari gutxixeago iritsi dira, baina gau gehixeago igaro dituzte. Uda osoan, % 2,5 jaitsi ziren etorrerak, gaualdiak % 2,3 ugaritu ziren eta batez besteko egonaldia, berriz, 2,33 gauetik 2,45era igo zen, 2025ean baino % 5 inguru gehiago.
 
Nazioarteko merkatuak, gainera, indartu egin du pisua: udako hilabeteetan erregistratutako hamar ostatu gauetatik zortzi inguru atzerrian bizi direnek igaro zituzten.
 
Udako hilabeteetan, egoiliarrek, ohiko bisitariek, txangozaleek eta turistek partekatu dute hiria; jarduera aldi jarraitu horretan, aberastasuna eta enplegua sortu dira lurralde osorako.
 
Zifrak zifra, Donostiarekin eta donostiarrekin errespetu handia duen turismoa jasotzen jarraitzen du hiriak oro har, interesa duena bertako gastronomian, kulturan, ondarean, naturan eta bizimoduan, eta horrek lagundu egiten du tokiko enpresa sarea dinamizatzen.
 
 
Donostiak balantze positiboarekin amaitu ditu uda sasoiko hilabete nagusiak, eta bilakaera horrek jarduera turistikoa egonkortzeko, egonaldiek iraupen luzeagoa izateko eta destinoa nazioartekotzeko joera erakusten du.

Donostiako hotel establezimenduetan 286.931 bidaiari erregistratu ziren ekainetik abuztura, 2025eko aldi berean baino % 2,5 gutxiago. Horrekin batera, 703.017 ostatu gau igaro ziren, aurreko urtean baino % 2,3 gehiago. Batez besteko egonaldia 2,33 eta 2,45 gau ingurukoa izan zen (% 5 inguruko hazkundea).

Bilakaera horrek erakusten du aurtengo udan

etorrerak gutxixeago izan direla, baina hiria bisitatzen dutenek denbora gehiago ematen dutela gurean. Egonaldi handiagoak jarduera ekonomiko sendoagoa sortzeko aukera ematen du, iritsitako pertsonen bolumena proportzio berean handitu beharrik gabe; era berean, murriztu egiten du bisitarien txandakatzea, eta errazago banatzen da bidaiari lotutako tokiko kontsumoa egun gehiagotan (ostatu, jatetxe, merkataritza, kultura, garraio, aisialdi eta turismo zerbitzuen artean).

Ikuspegi hori bat dator Gurera turismo ereduarekin, zeinaren muinak baitira herritarren ongizatea eta egonaldi bakoitzak sortzen duen balioa, eta ez bisitari kopurua etengabe areagotzea. Gelen hileko batez besteko okupazioa, gainera, % 89,2 ingurukoa izan zen; abuztuan izan zen handiena, hau da, % 89,9koa.
 
Gero eta turismo nazioartekoagoa

Ekainean eta abuztuan 552.550 ostatu gau igaro zituzten atzerritarrek; estatutik etorriak, berriz, 150.467 izan ziren. Hori horrela, nazioarteko merkatuak bete du hoteletan igarotako gauen % 78,6, eta estatukoak, aldiz, % 21,4.
  
Nazioarteko bisitarien gaualdiak % 6,6 hazi ziren 2025eko udarekin alderatuta, 518.439 izatetik 552.550 izatera igaro baitziren. Ekainetik abuztura bitartean, Amerikako Estatu Batuak izan dira merkatu nagusia, eta atzetik izan ditu Erresuma Batua, Frantzia, Madril eta Alemania.

Bilakaera horrek sendotu egiten du Donostiaren nazioartekotasuna, eta, era berean, indartu egiten du jatorri merkatuen aniztasuna. Nazioarteko merkatu jakin batzuen presentzia gero eta handiagoa izateak, gainera, lagundu egiten du turismo jarduerak tokiko ekonomian duen inpaktua indartzen.
 
Mugikortasuna udan

Mugikortasuna antolatzeko hartutako neurriek erantzun ona izan zuten aurten ere. Illunbeko anezkak 21.813 bidaia izan zituen uztailean eta abuztuan, aurreko udan baino % 24,79 gehiago; Igarako eta Unibertsitateetako disuasio aparkalekuetan, berriz, 19.461 sarrera izan ziren, % 7,19 gehiago.
Gainera, dBusek sei milioi bidaia baino gehiago egin zituen lehen aldiz uztailean eta abuztuan (6.020.119 joan-etorri), eta dBizik, ostera, 295.865 bidaia erregistratu zituen, % 15,93 gehiago. Trafikoaren funtzionamenduari esker, ez zen beharrezkoa izan hiriaren perimetro erregulazioa aktibatzea.
 
Hiria errespetatzen duen turismo arduratsua

Zenbakiak zenbaki, udak bereziki garrantzitsua den alderdi bat berresten du: hiria bisitatzen duten pertsona gehienek errespetuz jokatzen dutela Donostiarekin eta donostiarrekin. Gastronomian, kulturan, ondarean, naturan eta bizimoduan interesa duten bisitariak hartzen ditu Donostiak, eta haien kontsumoak inpaktu ekonomiko positiboa sortzen du lurraldeko ehunka enpresa txiki eta ertainetan.
Gainera, uda aldi berezia da, erabilerak elkarrekin bizi diren garaia. Egoiliarrei hiriari lotutako pertsonak, txangozaleak eta turistak gehitu behar zaizkie, eta donostiarren parte bat, aldiz, kanpora joaten da oporretan. Errealitate hori erakargarritasun turistikoa duten Europako hiri askok partekatzen dute: mugikortasuna gure bizimoduaren eta ekonomia gero eta irekiago eta interkonektatuago baten parte da.

Testuinguru horretan, Donostiako estrategia turistikoak kalitatean, orekan eta jasangarritasunean oinarritutako eredu batera bideraturik jarraitzen du, fluxuak hobeto banatzeko, portaera arduratsuak sustatzeko, eta jarduera turistikoa eta hiriko eguneroko bizitza bateragarri egiteko. Hori horrela, turismoak lagundu egiten du tokiko ekonomia dinamizatzen, bai eta ostalaritzako, merkataritzako, kulturako, garraioko edo turismo zerbitzuetako jarduera eta enplegua mantentzen ere.

Turismoa ez baita berez helburu bat, baizik eta oparotasuna, aukerak eta enplegua sortzeko tresna bat. Ingurunea eta pertsonak errespetatzen kalitatezko turismoa izateak askotariko ehun ekonomikoa mantentzen laguntzen du, tokiko merkataritza bultzatzen du, kultura jarduera sustatzen du eta hiriaren nazioarteko proiekzioa indartzen du.

Donostiak buru-belarri jarraituko du lanean bizi kalitatearen, bizikidetzaren eta jarduera ekonomikoaren arteko orekak jarrai dezan izaten aurrerantzean ere Gurera turismo ereduaren ezaugarri nagusietako bat.

 ERANSKINAK
2026ko_udako_datuak_Donostia
gaualdien_jatorria_Donostia
top10_merkatuak
Professional - San Sebastián turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.