Donostia Turismoa prest dago udan kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta turismoa dinamizatzeko
- Ostirala, 25 Ekaina 2021
- Donostia Turismoak hainbat kanpaina abian izango ditu aurtengo udan, bisitariak erakarri eta tokiko turismo-sektorea dinamizatzeko helburuarekin: “Uda honetan Donostian geratuko naiz”, “Bizi Donostia: berriro bidaiatuko dugu” eta laster Biarritzekin batera aurkeztuko den kanpaina bat. Kanpainak, batez ere, gertuko, Estatuko eta Frantziako bisitariei egongo dira zuzenduta, eta donostiarrei nahiz bisitariei hirian eta lurraldean esperientziak bizitzera gonbidatuko zaie, bertako enpresa bazkideekin (tokiko ETEak dira denak) elkarlanean.
- Boulevardeko turismo-bulegoak ordutegi zabala eta jarraitua izango du, eta arreta pertsonalizatua eskainiko da posta elektronikoz, telefonoz, WhatsAppez eta lineako txataren bidez, sansebastianturismoa.eus webgunetik eta Donostia Turismoaren Facebook-eko profiletik.
Donostia Turismoa prest dago udari ekiteko, eta bisitariei kalitatezko esperientzia bat eskaintzea du helburu, hiriaren posizionamenduarekin bat etorrita. Horretarako, Turismo Bulegoan bisitariei arreta eskaintzeko ordutegia zabalduko dua eta online tresnen bidez ere eskainiko da arreta. Jarduera, produktu eta zerbitzuen eskaintza zabala prestatu da, bai Donostian, bai lurraldean, erakundearen bazkide diren tokiko enpresek eskainita. Turismogunea eta bertako esperientziak sustatuko dira zenbait kanpainaren bidez.
Turismo Sostengarriko zinegotzi Cristina Lagéren hitzetan, “Aurtengo udan, bizi Donostia. Aurtengo udan, berriro ere bidaiatuko dugu. Azkenik, suspertzearen uda iritsi zaigu, kaleak gure hiria maite duten pertsonez beteko dira, oso urrutitik edo gertutik etorritako pertsonez beteko dira. Gu prest gaude, Boulevardean dugun bulegoa zabalik dago, eta arreta fisikoki, nahiz webgune eta WhatsApp bidez eskaintzen du. Gure turismo-enpresek jarduera ugari eskaintzen dituzte, eta leku batekoak edo bestekoa izan, denok gonbidatzen zaituztegu jarduera horiek ezagutzera: Urumean gora joan gaitezke Amazonas ibaia balitz bezala, pintxoen ibilbide bat egin, edo gure museoak eta historia modu zirraragarrian ezagutu. Eta nola ez, Biarritzekin dugun loturak turismogune berri bihurtu gaitu, primerako turismogune; izan ere, gure historiak elkartu egiten gaitu eta elkartzeak etorkizun hobea eskaintzen digu. Laster entzungo duzue horren berri”.
Tokiko esperientzien eskaintza eta sustapen-kanpainak
Donostia Turismoak bere produktuak eta tokiko enpresa bazkideen jarduerak eskaintzen ditu, eta salgai daude turismo-bulegoan eta online dendan (shop.sansebastianturismoa.eus), hala, bisitarien eta gertuko publikoaren esperientzia hobetzeko.
Gure produktuen artean daude turismo-txartelak (San Sebastian Card eta Basque Card, garraioa erraztu eta hiriko aisialdi- eta kultura-baliabideetan beherapenak eskaintzen dituztenak), eta turismo-garraioa (autobus eta tren turistikoa, uztailaren 31tik aurrera berraktibatuko dira).
Bazkide ditugun tokiko enpresek eskaintzen dituzten jardueren artean daude bisita gidatuak, esperientzia gastronomikoak, txangoak inguruetara, itsasoko txangoak, kirol eta kultura arlo jarduerak eta abar. Jarduera guztietan betetzen dira indarrean diren osasun-arauak, eta 48 ordu lehenago bertan behera utz daitezke.
Tokiko jarduera horiek guztiak dinamizatzeko eta sustatzeko, zenbait kanpaina jarri dira abian: “Senti zaitez donostiar: Berriro ere bidaiatuko dugu” (informazio gehiago hemen), “Aurtengo udan Donostian geldituko naiz”, eta laster beste kapaina bat aurkeztuko dugu Biarritzekin batera.
Uda honetan hemen geratuko naiz. Uda honetan Donostian geratuko naiz.
Maiatzaren amaieran abiarazi genuen “Senti zaitez donostiar: aurten berriro ere bidaiatuko dugu” kanpaina Estatuari eta Frantziari begira, eta kanpaina hori indartzeko, bigarren kanpaina hau jarri dugu abian, eguneko bisitariak erakartzeko batetik, eta donostiarrei nahiz gertukoei hirian egin daitezkeen gauza guztiak gogora ekartzeko bestetik, aurtengo udan ahalik eta gehien gozatzeko zerbitzu eta jarduerak eskainiz.
Uztailaren 1etik abuztuaren 30era egongo da kanpaina abian baliabide digitaletan eta ohikoetan (irratian eta prentsa espezializatuan, adibidez), eta helbide honetan egin ahal izango dira jardueren erreserbak: www.sansebastianturismoa.eus
Donostiako Turismo Bulegoa (Boulevard)

Udarako, bisitariei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko, zabaldu egin dugu Donostiako Turismo Bulegoaren ordutegia. Boulevard zumardiko 8.ean dago. Horrez gain, modu pertsonalizatuan erantzungo zaie kontsultei posta elektroniko, telefono, Whatsapp eta lineako txataren bidez.
Turismo Bulegoaren ordutegia (ekainaren 14tik irailaren 26ra):
Astelehenetik larunbatera: 09:00-20:00.
Igandeetan: 10:00-19:00.
Jaiegunetan: 10:00-20:00.
Arreta pertsonalizatua, honela:
E-maila: sansebastianturismoa@donostia.eus
Telefonoa: +34 943 48 11 66
WhatsAppa: + 34 607 187 462
Lineako txata: www.sansebastianturismoa.eus
www.facebook.com/sansebastian.turismo
