Donostia / San Sebastián Convention Bureau-k tokiko profesionalak biltzen ditu, kongresuak erakartzea bultzatzeko

Jardunaldiak aukera eman du Convention Bureauk kongresuak eta bestelako ekitaldi profesionalak erakartzeko eskaintzen dituen aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak ezagutarazteko, topaketa horiek Donostiari eta lurraldeari egiten dieten ekarpenaren balioa nabarmentzeko, eta ekitaldiok antolatzean aktiboki parte hartu duten bertako profesionalen esperientziak partekatzeko.

Donostia Turismoko Convention Bureau departamentuak zientziaren eta ikerketaren arloko profesionalei zuzendutako jardunaldi bat egin du gaur, EHUko Joxe Mari Korta Zentroko auditoriumean.
Topaketari hasiera emateko, Olatz Yarza Mugikortasun, Garraio Jasangarri eta Turismoko zinegotziak eta Isabel Aguirrezabala Donostia Turismoko zuzendari kudeatzaileak hartu dute esku.

Bere hitzaldian, Olatz Yarzak nabarmendu du Donostiaren apustua ez dela soilik kongresu gehiago erakartzea, hiriaren ahalmenetara, sektore estrategikoetara eta hiri-eredura hobekien egokitzen diren horiek bultzatzea baizik. «Horixe da sustatu nahi dugun legatua: Donostian ospatu ez ezik, Donostiari eta inguruari balioa emango dieten biltzarrak», esan du, helburua lortzeko tokiko profesionalen konpromisoa garrantzitsua dela azpimarratuz.

Bere aldetik, Isabel Aguirrezabalak nabarmendu du Convention Bureauren lana Donostia kongresuak antolatzeko toki gisa sustatzetik haratago doala. «Beren jarduera profesionalean, kongresuak eta topaketak gure hirira erakartzen lagun dezaketen pertsona eta erakunde guztien aliatua izannahi dugu», esan du. Horretarako, azaldu duenez, Convention Bureauk laguntza pertsonalizatua eskaintzen du, proiektu bakoitzaren beharretara egokitua.
 
Ekitaldi profesionalak antolatzeko aholku pertsonalizatuak eta laguntza

Convention Bureau Donostia Turismoa udal sozietateko departamentua da eta Donostia eta Gipuzkoa ekitaldi profesionalen helmuga gisa sustatzeaz arduratzen da. 1988tik ari da lanean, bertako 300 enpresa bazkide baino gehiagorekin,  horrelako topaketak antolatzen dituzten pertsonak nahiz erakundeak eta tokiko sarea lotzeko. Enpresa horiek guztiek ekitaldiok gauzatzen laguntzen dute.

Aholkularitza eta laguntza orohartzailea, doakoa eta pertsonalizatua eskaintzen du, hautagaitza prestatzen denetik ekitaldia egin arte. Besteak beste, zerbitzu hauek ematen ditu: hasierako orientabideak ematea, dosierrak prestatzea, tokiko enpresa eta eragileekin harremanetan jartzea eta ikuskapen-bisitak koordinatzea. Halaber, sektoreari buruzko informazioa eskaintzen du, Helmugaren Behatokiaren bidez, baita hiriari buruzko ikus-entzunezko baliabideak eta topaketen zabalkundea egiteko laguntza ere.

Horrez gain, Convention Bureauk ahaleginak egiten ditu ekitaldiek inpaktu positibo eta iraunkorra izan dezaten, bat etorriz Gurerarekin, hau da, balioa, ondarea eta ongizatea sortzea helburu duen Donostiako turismo jasangarriaren ereduarekin. Era berean, ICCA, CityDNA eta Spain Convention Bureau bezalako sare profesionalen kide da.
 
Sektorearen lankidetza eta tokiko esperientziak

Jardunaldian, ekitaldi profesionalen antolaketan esku hartzen duten zerbitzu espezializatuen zereginari buruzko elkarrizketa bat egon da. Parte-hartzaileak: Iker Goikoetxea, Kursaalen zuzendari kudeatzailea, egoitzen ordezkari gisa; César Navarro, Eurostars Amara hoteleko zuzendaria, hotelen sektorearen izenean; Maite Aizpurua, Lankorren zuzendari kudeatzailea, OPC enpresen, hau da, kongresuak antolatzeko enpresa profesionalen izenean; eta Laura Larrión, Hagoosen kofundatzailea, agentzia hartzaileen izenean (DMC edo biltzar-antolatzaile profesionalak).

Halaber, kongresuak erakartzeko esperientziak partekatu dituzte: Aitziber López Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko eta ikertzaile nagusiak; Ana Fernández Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko kudeatzaileak; eta Javier Barriga Teknikerreko Gainazalen eta Materialen Fisikako zuzendariak. Hitzaldietan, topaketek beren eremu profesionaletik bultzatzeko erronkei eta aukerei heldu diete.

Jardunaldia bukatzeko, networking bat antolatu da, esperientziak trukatzea, parte-hartzaileen arteko harremanak ezartzea eta lankidetzan aritzeko aukera berriak identifikatzea ahalbidetzeko.
Ekimenaren bidez, Donostia Turismoak Convention Bureauren zerbitzuak gehiago hedatu nahi ditu, batez ere tokiko profesionalen sarean, eta erabilgarri diren baliabideak Donostia eta Gipuzkoarentzat estrategikoak diren ekitaldi profesionalak etorkizunean erakartzen lagun dezaketenen eskura jarri.

Professional - San Sebastián turismo

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.