Donostia nazioarteko kongresuen helmuga gisa finkatu da ICCAren munduko rankingean

Ranking ICCA 2025

• Donostia 211. postuan dago ICCAren 2025eko munduko rankingean, 112. postuan Europako rankingean eta zazpigarren postuan Estatukoan, nazioarteko 13 kongresu konputagarrirekin. Emaitza horrek Donostia mantentzen du Estatuko helmuga nagusien artean, Bartzelona, Madril, Valentzia, Sevilla, Bilbo eta Malaga bezalako hiri handien atzetik soilik, eta Hannover, Grenoble edo Montpellier bezalako hirien aurretik.

• Donostia Turismoko Convention Bureau-k lideratzen du balio erantsi handiko profesionalen topaketak indartzeko estrategia; topaketa hauek lagundu egiten dute hiriaren nazioarteko proiekzioa zabaltzen, talentua erakartzen eta hiriko zientzia- eta berrikuntza-ekosistema indartzen.

Donostiak ekitaldi profesionalen nazioarteko helmuga gisa duen posizioa indartzen jarraitzen du. Nazioarteko Kongresu eta Konbentzioen Elkartea (ICCA) munduko erreferentziazko erakundea da nazioarteko kongresuen esparruan, eta 2025eko rankingaren arabera, Donostia 211. postuan dago hirien munduko rankingean, 112. postuan Europako rankingean eta Estatuko zazpigarren postuan.

Hiriak nazioarteko 13 kongresu erregistratu zituen 2025ean, ICCAk konputatuak; beraz, Granadaren maila berean dago eta Hannover, Grenoble edo Montpellier hirien gainetik, besteak beste. Estatuan, Donostia nazioarteko kongresuen helmuga nagusien artean mantentzen da, hiri handiagoak eta populatuagoak soilik atzetik dituela, hala nola Bartzelona, Madril, Valentzia, Sevilla, Bilbo eta Malaga.

ICCA rankingean sartzeko, kongresuek irizpide espezifiko batzuk bete behar dituzte: nazioarteko elkarte batek antolatuta egon behar dute, modu erregularrean egin behar dira, minimoki 50 pertsona bildu behar dituzte eta gutxienez hiru herrialderen artean txandakatu behar dira. Beraz, balio erantsi handiko topaketa profesionalak dira, eta gaitasun handia dute ezagutza, lankidetza eta nazioarteko proiekzioa sortzeko.

Munduko rankingean, herrialdeka, Espainia laugarren postuan dago, Estatu Batuen, Italiaren eta Alemaniaren atzetik; Europan, berriz, hirugarren postuan dago, Italiaren eta Alemaniaren atzetik. Europako hirien rankingean, Bartzelona hirugarren postuan dago, Lisboaren eta Parisen atzetik.

Datuez harago, Donostiak ranking honetan duen posizionamenduak islatu egiten du hiriak ekitaldi profesionalen helmuga gisa duen indarra, baita Donostia Turismoak Convention Bureau-ren bitartez egindako lana ere, hiriaren estrategiarekin lerrokatzen diren kongresuak erakartze aldera.

Donostia Turismoko Convention Bureau-k 35 urtetik gorako esperientzia du, tokiko enpresa-sare sendoa osatzen du eta hiriaren posizionamendua bultzatzen du esparru estrategikoei lotutako ekitaldi profesionalen nazioarteko egoitza gisa; esparru ugariak dira gainera, hala nola zientzia, teknologia, medikuntza, energia, biozientziak, nanozientzia, material aurreratuak edota sortze bidean diren teknologiak.

Zeregin horretan funtsezkoa da Enbaxadore programa, Kursaal Zentroarekin batera sustatua. Programa honek Donostiako enbaxadore gisa jarduten duten ikertzaileak eta profesionalak aintzatesten ditu, eta haien jakintza-arloekin zerikusia duten kongresuen antolaketa sustatzen du. 2012an sortu zenetik, programak ehun profesional inguru aintzatetsi ditu, eta oso baliagarria izan da erreferentziazko kongresuak erakartzea xede duen sare estrategikoa sendotzeko.

Erreferentziazko topaketa profesionalak erakartzeko hiriak duen ahalmena berresten duen datu bat: 2025ean, Donostian egindako kongresuen % 53 nazioartekoak izan ziren. Posizionamendu hau ekosistema zientifiko eta teknologiko oso lehiakor batean oinarritzen da eta baditu nazioarteko erreferentziazko zentroak, ikertzen duen komunitate aktibo bat eta enpresa-ehun berritzaile bat.

2026an ere, hiriaren bilakaera positiboa izaten ari da ekitaldi profesionalak erakartzeari begira. Zientziarekin, teknologiarekin eta medikuntzarekin lotutako hitzordu garrantzitsuak antolatuko dira Donostian. CIC nanoGUNE edo DIPC bezalako zentroek bultzatuta, nanozientziarekin, energiarekin eta material aurreratuekin lotura duten kongresuak nabarmentzen dira; teknologia kuantikoen inguruko nazioarteko topaketak; medikuntza-hitzordu garrantzitsuak (pediatriako edo larrialdietarako medikuntza-biltzar nazionalak, esaterako); eta BCBLk bultzatutako ikaskuntza estatistikoan izandako aurrerapenei buruzko kongresua, besteak beste.

Apustu hori Gurera ekimenean kokatzen da, hiriaren eta herritarren ongizatea erdigunean jartzen duen turismo kudeaketaren eredu berrian. Testuinguru honetan, kongresuen eta biltzarren turismoa sektore estrategikoa da, bere legatua berehalako eragin ekonomikoaz harago iristen delako: lagundu egiten duehun ekonomikoa eta zientifikoa dinamizatzen, talentua eta ezagutza erakartzen, turismoa desestazionalizatzen etahiriaren nazioarteko proiekzioa indartzen.

Professional - San Sebastián turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.