12 hilabete, 12 proposamen 2017an hiria bisitatzeko
- Asteartea, 17 Urtarrila 2017
Donostiak 2017rako City Break eskaintza zabala aurkeztuko du Fiturren
CityBreak turismoa – 2 edo 3 eguneko bidaiak – goraldian dago eta eskaera horri erantzunez, Donostia Turismo & Convention Bureauk ihesaldi-sorta zabala aurkeztuko du Fiturren urtarrilaren 18an Basque Country stand-ean, Ernesto Gasco, Donostiako Turismo zinegotziaren eskutik. Helburua da Donostian urteko hilabete guztietan esperientzia ahaztezina izateko aukerak eskaintzea, turismo kultural, gastronomiko, erromantiko, kiroleko eta jaietakoa bereziki nabarmenduz.
Proposamena Donostia Turismo & Convention Bureauren gida-planaren markoan dago kokatuta eta turismoa urtaroen araberakoa ez izatearen eta turismoa deskontzentratzearen aldeko apustua egiten du. Ihesaldiak bisitariei hirian igarotzen dituzten egunetan ahalik eta gehien gozatzeko behar duten guztia emateko modu bat dira: jarduerak, ostatua, hirian batera eta bestera ibiltzeko, txartel turistiko bat, leku turistikoenetan deskontuak, informazio turistikoa emateko welcome packa eta abar.
Urtarrilaren 18an izango da Donostiako aurkezpena – “12 hilabete, 12 proposamen 2017an hiria bisitzatzeko”-, Ernesto Gasco Donostiako Turismo zinegotziaren eskutik, Basque Country espazioan, komunikabide eta profesionalei begira. Bestalde, urtarrilaren 22ra arte Donostiako stand-ean profesionalei eta publikoari informazioa eskainiko zaio.
Ihesaldiak Donostian: 12 hilabete, 12 proposamen
Urteko edozein hilabete da ona Donostia bisitatzeko, urte-garai guztietan baitaude hiriaz gozatzeko planak eta proposamen bereziak: sagardo-garaia, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Jazzaldia, estropadak, lasterketak… Donostia Turismoa & Convention Bureauk ihesaldi bat proposatzen du hilabete bakoitzerako:
Urtarrila: “Sagardotegi ihesaldia”. Hasi urtea txoooootx! oihuarekin Donostiak inguruan dituen dozenaka sagardotegietakoren batean eta ezagutu euskal sagardoaren lurra, sagastiz inguratuta eta bakailaoaz zein txuletoiaz gozatuz.
Otsaila: “San Valentin ihesaldia”. Afari erromantiko bat itsasoari begira eta paseoak Kontxan, munduko hiri ederrenetakoa den Donostiaz gozatuz.
Martxoa: “Pintxoen ihesaldia”. Ezin dio inork ezetz esan alde zaharreko pintxoz betetako barrei. Historiaz eta mokadu fin txikiz beteak daude.
Apirila: “Ihesaldi kulturala”. Museoak Familian txikienentzat – Eureka Zientzia Museoa eta Donostiako Aquariuma – edo Basque Style Museoak – ezagutu Euskal Herriaren historia San Telmo museoan eta ezagutu gure historia berriaren adierazgarri nagusietako bat ere, Balenciaga jostuna, Balenciaga museoan. Bisitaldi Kulturala Donostian eginda, Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostiaren alderdi erromantikoa ere ezagutuko dituzu gidari baten laguntzarekin.
Maiatza: “Ihesaldia olatu artean”. Murgildu itsasoan… gozatu itsasoko kirolez: surfa, paddle surfa, piragua… Zein duzu gogoko?
Ekaina: “Hipodromoko lasterketen ihesaldia”. Hasi pamelaren bila… Hastera doa uda Donostian eta lasterketetara goaz!
Uztaila: “Heineken Jazzaldia ihesaldia” Jaialdien sasoi luzea hastera doa! Bat eta atzetik beste bat… ez galdu jazz-kontzertu onenak leku zoragarrian ikusteko aukera.
Abuztua: “Musika Hamabostaldia/Hipodromoa-Urrezko kopa ihesaldia”. Musika klasikoa gustuko dutenentzat galdu ezinezko hitzordua da Musika Hamabostaldia. Gainera, abuztuan, Urrezko Kopa ere izaten da hipodromoan; Le Defi du Galop txapelketa entzutetsuko proba bat, hain zuzen.
Iraila: “Estropadak/Zinemaldia/Donostia Kutxa Kultur Festibala ihesaldia”. Ezinezkoa da bakarra aukeratzea… uda handikiro amaituko da… bizi estropadetako giroa Kontxan, Zinemaldiaren glamourra edo Kutxa Kultur Festibala, indie-musikako kontzertuak Donostiako badiari begira.
Urria: “Ihesaldi erromantikoa”. Hastera doa udazkena eta lehen egun hotzak… momentu aproposa La Perla Talasoterapiaz gozatzeko. Belle Epoque estiloko eta itsasora begirako bainuetxe hau 1912an zabaldu zuten errege-etxeetako eta aristokraziako kideek uda Donostian igarotzen zuten garaian.
Azaroa: “Running ihesaldia”. Erakutsi sasoian zaudela eta hartu parte prestatuta ditugun kirol-hitzorduetan… Behobia-Donostia lasterketa, 10 km, 20 km edo maratoia itsasoaren mailan!
Abendua: “Gabonetako ihesaldia” / “Shopping ihesaldia”. Donostia liluragarri egoten da Gabonetan. Non ospatuko duzu urtearen amaiera han baino hobeto, edo zer leku hoberik Gabonetako erosketak egiteko hiriko denda bereziak baino?
Hemen kontsulta ditzakezu ihesaldiak egiteko aukera guztiak: https://www.sansebastianturismoa.eus/es/ofertas/escapadas
Ezagutu hiriko auzoen izaera berezia eta lurraldeko leku paregabeak
Bestalde, deskontzentrazioa sustatzeko eta leku batzuetan jende gehiegi ez ibiltzeko turismoa hiriko auzo guztietan eta lurralde osoan banatze aldera, 2017an bisita gidatu berriak eskaintzen hasiko gara Donostiako auzoetan. Egia da auzorik hipsterrena eta han daude Cristina Enea parkea eta Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroa. Antiguo auzoan dago, berriz, Haizearen Orrazia entzutetsua eta garai bateko errege-familien udako egoitza, Miramar jauregia.
Txangoak ere eskaintzen dira gertuko leku batzuetara: azoka tradizionalak eta gaztandegiak Gipuzkoaren barnealdeko herrietan, sagardoaren inguruko esperientziak Astigarragan, bisitak itsasertzeko herrietara, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Getaria edo Zarautz, Santiago Bideko ibilbideak Ulia mendian, iparraldeko itsasertzean ibilbideak Biarritz, Donibane Lohitzune eta abar ezagutzeko.
Egin litezkeen bisitaldi gidatu eta txangoak hemen kontsulta daitezke: https://www.sansebastianturismoa.eus/es/ofertas/otras-actividades
Turismo jasangarria
Donostia Turismo & Convention Bureauk turismo jasangarria nahi du hiriarentzat eta horretarako, turismoa urtaroaren araberakoa ez izatea eta deskontzentrazioa sustatzea ditu helburu. Horretaz gain, turista arduratsuaren dekalogo bat txertatzen du argitalpenetan, bisitaria bertako ohituretan begirunez murgil dadin. Turistak euskal kultura, euskara eta lekurik ezezagunenak ezagutzera animatzen ditu, ingurumenarekin arduraz jokatzera, garraio publikoa erabiltzera, denda txikiei eta tokiko garapenari babesa ematera eta herritarren loa ez galaraztera.

San Sebastian Turismo & Convention Bureau-ko albiste gehiago
